Anisakiasia edo anisakidosiaAnisakidae familiako nematodoak irenstearen ondorioz (arrain kutsatua janda, adibidez) agertzen den gaixotasuna da. Gaitza sortzen duten nematodo ohikoenak Anisakis generokoak dira.
Har mota hauek arrainen bizkarroiak dira (zoonosia). Gizakiak kontsumitzen dituen arrain asko nematodo kaltegarri horietaz kutsatuta egon daitezke (bisigua, abadira, legatza, hegaluzea, liba, bakailaoa, antxoak...). Hala ere, arrain kutsatua sukaldean ondo egosten bada nematodo bizkarroia beroaren ondorioz hiltzen da. Anisakiasi kasu ia guztiak arrain gordina jatearen ondorioz agertzen dira.
Behin irentsita, har bizkarroia digestio-aparatuan finkatzen da, eta gaitzaren ohiko sintomak eragiten ditu: gastroenteritisa (tripako min handia, beherakoak, gorakoak eta goragaleak...), erreakzio alergikoak (azkura eta urtikaria, eta hainbat kasutan shock anafilaktikoa), eta abar.
Ur hotzetan bizi diren arrainak errazago kutsatzen dira nematodo horiekin. Ur horietan ur-ugaztunak ugariagoak dira, eta ugaztun horiek funtsezko zeregina burutzen dute anisakisen bizi-zikloan. Horregatik, Atlantikotik datozen arrainak Mediterraneotik datozenak baino kutsatuagoak daude anisakisez.