Zidrondo - Wikipedia, entziklopedia askea.
Wikipedia, Entziklopedia askea
(«Citrus medica» orritik birbideratua)
Zidrondo | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Sapindales |
Familia | Rutaceae |
Leinua | Citreae |
Generoa | Citrus |
Espeziea | Citrus medica |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | zidra |
Zidrondoa (Citrus medica) errutazeoen familiako zuhaitza, limoiondoaren antzekoa.[1] Haren fruitua zidra da. Fruituagatik kultibatzen da, gozogintzan, elikagaigintzan eta lurringintzan erabiltzen baita. Europan ezagutu zen lehen zitrikoa izan zen, jada Erromatar Inperioaren garaian deskribatu baitzen.
Zuhaitz edo zuhaixka txikia da, hostoiraunkorra, 2,5 m inguruko altuerakoa, enbor bihurrikoa eta adakera trinko eta zurrunekoa. Hostoek peziolo laburrak dituzte, eta bakunak dira, txandakatuak, eliptikoak eta lantza-formakoak, 18 cm-ko luzerainokoak; gainaldea berde iluna da, eta limoi-usain bereizgarria dute. Loreak hermafroditak dira, usaintsuak, handiak, zuriak edo purpura-kolorekoak, eta luku txikiak eratzen dituzte. Loreek 4 edo 5 petalo dituzte, eta 30-60 lorezil.
Fruitua hesperidio bat da, luzanga edo globo-formakoa, 30 cm-ko diametrorainokoa. Azal lodia du, mamitsua, endokarpoari atxikia, kolorez horia edo berdexka, eta askotan zimurra. 10-15 karpelo ditu, tenteak, zuku gutxikoak; gozoak edo azidoak dira, barietatearen arabera. Haziak ugariak eta txikiak izaten dira, leunak.