eu.wikipedia.org

Elena Fernandez - Wikipedia, entziklopedia askea.

  • ️Wed Nov 27 2024

Wikipedia, Entziklopedia askea

Elena Fernandez

Bizitza
JaiotzaDonostia1959ko abuztuaren 13a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaBerriatua2014ko abenduaren 1a (55 urte)
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakigeriketa

Elena Fernandez Iturrioz (Donostia, Gipuzkoa, 1959ko abuztuaren 13a - BerriatuaBizkaia, 2014ko abenduaren 1a) igerilari eta igeriketako entrenatzaile eta monitorea izan zen. Kimikan lizentziatu bazen ere, igeriketako entrenatzaile titulua atera eta igeriketa izan zuen bizibide.[1]

Elena Fernandez Iturrioz Donostian jaio zen, Plaza Berrian (edo Konstituzio Plazan). 11 urterekin hasi zen igerian, medikuak aginduta, hankan herrena zuelako. Laster nabarmendu zen emakumeen haur-kategorian, eta lehen postuak lortu eta errekorrak hautsi zituen aurreragoko kategorietan ere (baita beteranoetan ere); esate baterako, 1976. urtean, Gipuzkoako jubeniletan 19 errekor egin zituen, eta 1977an, 10 errekor. Donostiako Real Club Nauticon eta Fortuna Kirol Elkartean eta Ondarroako Ondarru Igeri Taldean ibili zen. Irmo eta kiroltasunez entrenatuta, ibilbide distiratsua osatu zuen.

Kimika lizentziatura atera zuen Donostiako EHUn, Petrokimika espezialitatean, Makromolekulak aukeran; baita Certificado de Aptitud Pedagógica (CAP) titulua ere, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko derrigorrezkoa zena. Igeriketarekin lotutako hainbat titulu ere lortu zituen 1980-1986 urteen artean: monitore, entrenadore laguntzaile eta goi-mailako entrenatzaile tituluak, Espainiako Igeriketa Federazioaren izenean, Entrenatzaileen Eskola Nazionalak (Escuela Nacional de Entrenadores) emanda. 1992an eta 1993an eskola horrek antolatutako igeriketa espezializatuko mintegietan parte hartu zuen: igeriketa eta haurtxoak, igeriketa haurdunaldian eta igeriketa eta mantentze fisikoari buruzko mintegietan. Sorosle titulu bat baino gehiago ere bazuen: lehen sorospenetakoa eta uretakoa.

1984an Ondarroako Zaldupe udal kiroldegira joan zen lanera, urtebeterako. Igeriketa monitore aritzeko hartu bazuten ere, hurrengo urtera arte ez zen hasi lanean, kiroldegia artean bukatu gabe zegoelako. Ondoren, lanpostu finkoa lortu zuen Ondarroan, eta 1986an Ondarru Igeri Eskola sortu zuen; urte horretan bertan antolatu zuen Ondarroako lehen igeri itsas-lasterketa. 1987an, juridikoki eratu zen Ondarru Igeri Taldea (Espainiako federazioak hainbat eragozpen jarri zituen arren, bere estatutuak euskaraz egin zituen Euskal Herriko lehenengo taldea izan zen, Andres Urrutia Badiola notarioaren eskutik).[1][2][3]

Elenak Ondarroan ikasi zuen euskaraz eta Ondarroan osatu familia: senarra Josu Arrizabalaga Badiola ondarrutarra izan zuen, eta bi seme-alaba izan zituzten, Ainhoa eta Kepa. Aitona zuen Elenak jaiotzez ondarrutarra.

Lanean jardun zuen urteetan (1985etik 2002ra), makina bat ume ondarrutarri erakutsi zion igerian; gainera, igerilari horietako batzuek emaitza bikainak lortu zituzten: bik parte hartu zuten Europako txapelketan, eta lau ibili ziren Espainiako errendimendu handiko zentroetan.

2002. urtean, ordea, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA) diagnostikatu zioten, eta lana utzi egin behar izan zuen. 2002ko uztailean, ohiko lanbiderako erabateko ezintasun iraunkorra aitortu zion Bizkaiko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak; pentsioaren %55  kobratuko zuen. Elenak erreklamazioa jarri zuen ebazpenaren aurka, baina gaitzetsi egin zioten. Orduan, demanda aurkeztu zuen epaitegian. Epaiketa bere aldekoa izan zen, eta pentsioaren %100 lortu zuen. Gizarte Segurantzak, berriz, errekurtsoa jarri zuen. 2003ko martxoan irabazi zuen Elenak errekurtsoa.

2010ean, Berriatuan bizitzen jarri zen, erosotasunagatik.

Ondarroako udalak 2011. urteko kirol sarietan Elena Fernandezi egin zion aipamen berezia igeri taldea sortu eta igeriketari herrian emandako bultzadagatik.[4][5]

2011ko Ondarroako kirolariei sariak

2014ko abenduaren 1ean hil zen AEA gaixotasunaren ondorioz. Ondarrutarrek merezitako agur-omenaldi xume baina jendetsua egin zioten abenduaren 2an Zaldupe kiroldegian: Loren Arkotxa Meabebasterretxeak gidatuta, Elena Fernandez Iturriozen bizitzako pasarteak gogoratu zituzten honen lankideek, familiakoek, lagunek eta igerilariek, eta euren sentimentuak eta esker ona adierazi ere bai, Elenaren gustuko musika entzunez (Benito Lertxundiren Oi Ama Eskual Herri, danborradako Sarriegiren San Sebastian martxa, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean, Polo Montañez kubatarraren Canten), eta Jose Mari Lejardi Kareaga Gabixola bertsozale eta gaijartzaile markina-xemeindarrak eta Leire Larrañaga Arrizabalaga ilobak bertsoak abestu zizkioten; honek Aiert Ordoñez Adarraga donostiarrak, Elenaren lagun handi baten semeak, jarritako bertsoak kantatu zizkion.[6] Hileta ospakizunetan loretan gastatuko zen dirua ADELA EUSKAL HERRIA elkarteari (Euskal Herriko alboko esklerosi amiotrofikoaren elkarteen federazioari) eman zekion izan zen bere borondatea, eta garuna eta bizkarrezur-muina, berriz, zientziak aztertzeko dohaintzan eman zituen.[7]

Jose Mari Lejardi Kareaga Gabixolarenak:

Donostitik Ondarru

zendun aukeratu,

euskera hobetu, lana

ta Josu topatu,

Amalloko jaixetan

alkar deklaratu,

gero Saturraranen

bainuaz ospatu,

onean ta txarrean

zuek bai maitatu.

Ainhoa, gero Kepa

mundura sortuta,

famili euskalduna

zintzo osatuta,

baina mamu zatarrak

Elenakin zita,

gaixotasun zitalak

luze erasotuta,

frente ein dotsezue

alkarri lotuta.

Borroka horrek sortzen

dausku miresmena,

edonortzat zarie

ereduik onena,

erakutsi dozue

duintasun, kemena,

zelako familixi

zarien, Elena,

merezi dozu eta

hartu atsedena.

Aiert Ordoñez Adarragarenak, Leire Larrañaga Arrizabalagak abestutakoak:

Presente eduki zaitut

nahiz urruti nahiz etxean

Donostin ikusten zaitut

kaiara begiratzean

pasatako une oro

ezin dut utziatzean

hitzez ezin dizut esan

ezta ere laztantzean

baina hala saiatzen naiz

zu goxo muxukatzean

asko maite zaitudala

egunero argitzean

egindako bidaietan

eta txango bakoitzean

eramango zaitugu

beti gure bihotzean.

Urtea Txapelketa Lekua Proba
1972 IV. Munich Saria Donostian, Teniseko igerilekuan Haur emakumezkoak

-100 m tximeleta eran: 2. postua

-400 m librean: 1. postua

1973 Eskolarteko nesken txapelketak Donostian, Kontxako igerileku estalian Haur emakumezkoak

-100 m tximeleta eran: 1. postua

-100 m librean: 1. postua

1973 Gipuzkoako neguko txapelketa Bergarako Agorrosin igerileku estalian -100 m librean: 1. postua

-400 m estilo: 2. postua

1973 Gipuzkoako Txapelketa Nagusiak Tolosako Igarondo igerileku olinpikoan -100 m librean: 1. postua

-200 m estilo: 4. postua

1973 Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia itsasoan -Emakumezkoen Absolutoa: 1. postua (1)
1973 Badiako zeharkaldia / XXXI. Kontxa Badiako Igerialdia itsasoan -Emakumezkoen Absolutoa: 1. postua
1973 Sobietar Igeriketa Txapelketak Rostov-on-Don hirian, igerilekuan Emakumezko haurrak:

-800 m librean: 1. postua

1973 VII. Santo Tomás Saria Kontxako igerileku estalian Haurrak:

-100 m crowl+lepoz+bularrez + tximeleta eran: 1.postua

1974 VI. Gipuzkoako Txapelketa Nagusiak Ordiziako Altamira igerileku estalian Emakumezkoak:

-400 m estilo: 2. postua

-100 m librean: 1. postua

-100 m tximeleta eran: 2. postua

1974 XVII. Bilboko euskal eta nafar txapelketak Club Deportivo Bilbaoko igerilekuan Emakumezkoetan:

-200 m tximeleta eran: 4. postua

-100 m tximeleta eran: 4. postua

-4 x 100 estilo, errekorra

1974 Haur eta gazteentzako Vasco-Navarro Saria Bergarako Agorrosin igerileku estalian Emakumezkoetan:

-200 m librean: 1. postua eta Gipuzkoako gazteen errekor absolutoa

1974 IV. San Juan Saria Tolosako Igarondo igerilekuan Emakumeetan:

-100 m tximeleta eran: 2. postua eta Gipuzkoako errekorra haurretan

1974 XXX. Euskal Herriko txapelketa absolutuak Bilboko Jolaseta igerilekuan -200 m librean: 2. postua eta Gipuzkoako errekorra

-800 m librean: 2. postua eta Gipuzkoako errekorra

1974 Espainiako igeriketa txapelketak Valentzian, igerilekuan -100 m tximeleta eran: gutxieneko denbora lortu zuen.
1974 Montreal Saria -200 m librean: 1. postua eta Gipuzkoako errekor absolutoa
1974 Badiako zeharkaldia/ XXXII. Kontxa Badiako Igerialdia itsasoan -Absoluto femenino: 1. postua
1974 X. Uharteko zeharkaldia Donostian, itsasoan -Absoluto femenino: 1. postua
1974 VIII. Santo Tomas Saria Kontxako igerileku estalian Neska kadeteetan 1. postua
1975 Nesken Eskolarteko Txapelketa Kontxako igerileku estalian Kadeteetan:

-100 m tximeleta eran: 1. postua

-400 m librean: 1. postua

1975 XI. Uharteko zeharkaldia Donostian, itsasoan -Absoluto femenino: 1. postua
1976 Neguko Gazte Txapelketak Kontxako igerilekuan -400 m librean: 1. postua eta Gipuzkoako errekor absolutoa
1976 Gipuzkoako Txapelketa Nagusiak Bidebietako igerileku estalian -800 m librean : 1. postua eta errekorra

-400 m estilo: 1. postua eta errekorra

-400 m librean: 1. postua eta gazteen errekor absolutoa

-200 m librean: 1. postua eta errekorra

-200 m tximeleta eran. 2. postua

-100 m librean: 1. postua

1976 Haur eta gazteentzako Vasco-Navarro Saria Bilboko Landatxueta igerilekuan -400 m librean: Gipuzkoako gazteen errekor absolutoa
Bergarako Agorrosin igerileku estalian -200 m librean Gipuzkoako gazteen errekor absolutoa
Gasteizko Mendizorrotza igerileku estalian -200 m tximeleta eran: 1. postua eta Gipuzkoako errekorra

-800 m librean: 1. postua

1976 VI. San Juan Saria Tolosako Igarondo igerilekuan -100 m tximeleta eran: 1. postua

-100 m librean: 1. postua

-4 x 100 estilo: 1. postua

1976 XII. Uharteko zeharkaldia Donostian, itsasoan -Absoluto femenino: 1. postua
1977 Gipuzkoako Txapelketa Nagusiak Bidebietako igerileku estalian -400 m librean: 1. postua

-100 m librean: 1. postua

1977 Gipuzkoa Gaztea Saria Ordiziako Altamira igerileku estalian -100 m librean juveniles: 1. postua

-100 m braza juveniles: 1. postua

1977 Unibertsitateko Txapelketa Nazionalak Murtziako udal igerilekuan -Urrezko hiru domina: 800 m tximeleta eran, 400 m librean eta 100m librean. Espainiako Unibertsitateetako txapelduna

-100 m librean: Gipuzkoako gazteen errekor absolutoa

1978 Unibertsitateko Txapelketa Nazionalak Madrileko La Almudena igerilekuan -400 m librean: 2. postua (zilarrezko domina)

-100 m tximeleta eran: 3. postua

-100 m librean: 5. postua

1979 Euskadiko Txapelketa Nagusiak Gasteizen -100 m librean: errekorra
1979 Unibertsitateko Txapelketa Nazionalak Madrileko La Almudena igerilekuan -Zilarrezko hiru domina: 100 m librean , 400 m librean eta 100 m tximeleta eran
1980 Gipuzkoa Neguko Saria Ordizian -200 m librean: 1. postua eta Gipuzkoako errekor absolutoa
1980 Unibertsitateko Txapelketa Nazionalak Granadan -Urrezko domina bat: 100 m librean

-Zilarrezko bi domina: 400 m librean eta 100 m lepoz

1988 XIII. Javier Seminario Memoriala (beteranoen Gipuzkoako Txapelketa) Donostian, Teniseko igerilekuan -50 m tximeleta eran(A): 1. postua

-50 m librean (A): 1. postua

-Puntuazioa guztira: 1. postua

1999 I. Igeri zeharbidea, Plentziako Zubiak Plentziako uretan Txapelduna emakumezko mastersetan
Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia, 1994
  • 1975 urteko Gipuzkoako emekume jubenil kategoriako igerilari gailenenari saria.
  • Gipuzkoako Igeriketa Federazioak urteko igerilaririk onena izendatu zuen 1976an, 1977an eta 1978an.
  • Gipuzkoako kirolaririk onena 1978an.
  • 1977an, Campeona de España Unibersitaria.
  • 1992an, Ondarroako kirol talderik onena: Ondarru Igeri Taldea.
  • 2011n, Ondarroako urteko kirol sarietan aipamen berezia Elena Fernandez Iturriozi.
Kirol talderik onena, 1992, Ondarru Igeri Taldea
Elena Fernandez Iturrioz Memoriala, 2015

Elena Fernandez Iturrioz 2014ko abenduan hil eta hurrengo Ondarroako Igeri Itsas-lasterketan (2015eko XXX. edizioan) momentu hunkigarri ugari bizi izan ziren Ondarroako Arrigorri hondartzan. Bozgorailuetatik une oro gogoratu zuten igeri taldearen sortzailea eta bultzatzailea. Hainbat urtez bere ikasle izan zirenak, esate baterako, batera helmugaratu ziren, eta kiroldegiko bere lankideek ere parte hartu zuten proban. Sariak banatzen, Josu senarra eta Ainhoa eta Kepa seme-alabak aritu ziren, eta, bukaeran, senideek merezitako omenaldi xumea jaso zuten erabat hunkituta eta txalo artean.[1][8]

Urte horretatik hasita, Ondarroako Igeri lasterketari Elena Fernandez Iturrioz Memoriala deitu zitzaion, eta Ondarru Igeri Taldeko igerilari diren eta izandakoen artean banatzen da Elena Fernandez Iturrioz saria.[9]

  • 1973, eskolarteko nesken txapelketak

    1973, eskolarteko nesken txapelketak

  • 1973, Badiako zeharkaldia

    1973, Badiako zeharkaldia

  • 1974, Badiako zeharkaldia

    1974, Badiako zeharkaldia

  • 1975, Uharteko zeharkaldia

    1975, Uharteko zeharkaldia

  • 1976, errekorra Gasteizen

    1976, errekorra Gasteizen

  • 1977, errekorra eta urrezko dominak

    1977, errekorra eta urrezko dominak

  • 1978, zilarrezko domina

    1978, zilarrezko domina

  • 1979, zilarrezko hiru domina

    1979, zilarrezko hiru domina

  • 1980, urrea eta zilarra

    1980, urrea eta zilarra

  • 1988, Seminario Memoriala

    1988, Seminario Memoriala

  1. a b c Bengoetxea Ibazeta, Lore. (2024). «Ondarroa 2024» Ondarroa 2024 (Ondarroako Udala): 36-37..
  2. 1987-1997. (Noiz kontsultatua: 2024-11-27).
  3. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2020-06-29). «ONDARRU IGERI TALDEA» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-27).
  4. Udalaren aipamen berezia. .
  5. [chrome-extension://efaidnbmnnnibpcajpcglclefindmkaj/https://www.ondarroa.eus/eu-ES/Baliabideak/Argitalpenak/Documents/03_Udalbarriak.pdf 2011ko Ondarroako kirolaririk onenak. ].
  6. Hitza, Kazetaria(e)ko. (2014-12-01). «Elena Fernandez Iturrioz Ondarru Igeri Taldeko sortzailea zendu da, eta omenaldia jasoko du» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-11-27).
  7. «Esquelas y Necrologicas | ONDARROA | Elena Fernández Iturrioz | diariovasco.com» canales.diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-27).
  8. Hitza, Kazetaria(e)ko. (2015-07-20). «Maialen Saezek eta Alex Ojangurenek irabazi dute Ondarroako itsas lasterketa» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-11-27).
  9. Hitza, Kazetaria(e)ko. (2019-07-15). «Iñaki Salaberriak eta Nerea Santosek irabazi dute Ondarroako 34. itsas lasterketa» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-11-27).