John Lennon - Wikipedia, entziklopedia askea.
- ️Wed Aug 10 2022
Wikipedia, Entziklopedia askea
John Winston Lennon (Liverpool, Ingalaterra, 1940ko urriaren 9a - New York, Estatu Batuak, 1980ko abenduaren 8a) The Beatles taldeko kantaria eta abesti askoren konpositorea izan zen. The Beatles taldearen sortzaile eta partaide izan zen. Gitarra jotzen zuen eta taldeko kanta gehienak ondu zituen, Paul McCartney-rekin batera. XX. mendeko kantu ezagunenen sortzailea izan zen. [1]
Bigarren Mundu Gerran jaioa Liverpool hirian, Alfred Lennon eta Julia Stanley ziren gurasoak. Aita itsasgizona izanik, asko bidaiatzen zuen: hori zela eta, ama bakarrik sentitzen zen eta, horren ondorioz, banatu egin ziren. John Lennonek 4 urte zituela, amak izeba Mimi Stanley eta osaba George-rekin utzi zuen. Georges osabak harmonika erosi zion umetan eta amak banjoa jotzen irakatsi. Geroago, Arte Ederren eskolan, Cynthia Powell lehen emaztea izan zuena ezagutu zuen.
Beatles taldea osatu aurretik, beste talde batean aritu zen, The Quarrymen (halaber, The Quarry Men idatzia), Johnny and the Moondogs eta The Silver Beetles izenak hartu zituena. 1956. urtean, eliza batean jotzen ari zenean, Paul McCartney ezagutu zuen. Haiekin jotzera gonbidatu zuen, gitarra jotzen eta afinatzen zekielako. Aurrerago, George Harrison sartu zen taldean, McCartney eta Pete Best-i esker. Pete Bestek sarritan taldea alde batera uzten zuenez, taldekideek Ringo Starr-i eskatzen zioten haren postua ordezka zezan.
Johnek 17 urte zituela garai latzak bizi izan zituen, ama polizia mozkor batek autoaz harrapatuta hil zen. Horrek semeari sekula gainditu ez zuen trauma eragin zion, Julia edo Mother bezalako kantak lekuko, 1970. urtean grabatuak
The Beatles taldea 1960an jarri zen abian. Lehen kontzertuak Hanburgon eman zituzten. Taldeko managerrak, Brian Epstein-ek, eragin handia izan zuen taldean; berak esan zien nola orraztu eta baita trajea janzteko ere. Ez gogo onez, baina onartu zuten.[1] 1962an hasi zen laukotearen arrakasta Love Me Do kantuarekin, eta 1963an beren lehen disko luzea kaleratu zuten, Please Please Me. Urte berean, With The Beatles diskoaz merkatu estatubatuarra irabazi zuten, eta abuztuaren 23an, Cynthia Powell-ekin ezkondu zen: bikoteak seme bat izan zuen, Julian, 1963ko apirilaren 8an jaioa. Julian, semea, jaiotzean, aita kanpoan zen musika-taldearekin.
![](https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/6/61/The_Beatles_arrive_at_JFK_Airport.jpg/220px-The_Beatles_arrive_at_JFK_Airport.jpg)
Sasoi hartan taldea aparretan zebilen, bai jaioterrian -Britainiar Inperioko Ordeneko kide izendatu zituzten-, bai AEBetan. Baina guztia ez zen ospe: kontzertuetan fanen oihuak musika bera baino ozenagoak ziren, eta Lennon konturatu zen zerbait oker zihoala. Besteak beste, horregatik idatzi omen zuen Help! abestia. Handik gutxira taldeak jende aurrean abesteari utzi egin zion.[1]
Lennon beti izan zen taldeko errebeldea, intelektuala; 1966an kazetariei esaldi hau esan zien: "The Beatles Jesukristo baino ezagunagoak dira". Iskanbila handia sortu ondoren, hau adierazi zuen: "Ez nuen esan The Beatles Jesukristo baino hobeak direnik, ezagunagoak baizik, telebista edo beste edozer izan daitekeen moduan". Gaizki ulertua izan zela azaldu zuen.
Ondorioz, AEBetan taldearen diskoak erre eta Lennon bera mehatxatu egin zuten. Garai hartan taldea uztekotan ibili zen. LSDa ere ez zen lagunik aproposena sorkuntzarako.[1]
Haren kantuak oso aitortza handikoak izan ziren, Help! ezagunaren moduan (laguntza-oihu bat zen) zein You've Got to Hide Your Love Away folk-balada, Bob Dylanen eragin handiaz. Gero, hainbat saiakuntza egiten hasi zen, Lucy in the Sky with Diamonds-ekin adibidez, seme Juliani egindako marrazki batean oinarrituta. Halaber, Being for the Benefit of Mr. Kite! eta A day in the Life: kantu horien hitzak XIX. mende bukaerako zirko baten karteletik eta egunkari bateko albistetik ateratakoak dira, hurrenez hurren.
1966. urtean, museo batean, Yoko Ono artista japoniarra ezagutu zuen eta Cynthia Powell-ekin banandutakoan, harekin ezkondu. Yoko Onok musikatik harago ikertzera eraman zuen. Beatlesen jarraitzaile askok taldea banatzearen errua emazte berriari botatzen zioten: bikotea denbora guztian elkarrekin egoten zen eta beste taldekideei ez zitzaien gustatzen.
Urte horretan, hilabete eta erdiz, Almerian (Espainia) bizi izan zen. Bertan, Richard Lesterren How I Won The War filma grabatu zuen. Han bizi izan zen denboran, Strawberry Fields Forever kantua ondu zuen.
1969an Yoko Onorekin ezkondu zen. Biek 14 litografia argitaratu zituzten, ezkonbidaiari buruzkoak. Horietako batzuk lizuntzat jo ziren, beste batzuk debekatuak izan ziren eta beste batzuk konfiskatuak. [1]
![](https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/5/5c/1964-Lennon-McCartney_%28cropped%29.jpg/220px-1964-Lennon-McCartney_%28cropped%29.jpg)
The Beatles taldeak 27 abesti jarri zituen abestien zerrendaren lehen postuan, eta taldea banatu zenean ere abesti bat hala zeukaten. Taldea 1970ean desegin zen ofizialki, nahiz eta lehenagotik zegoen apurturik. Berriki, McCartneyk esan du taldea ez zela Yoko Onoren erruz banatu, nahiz eta jende askok horrela pentsatzen duen oraindik.[1]
1970. urtean, The Beatles taldearen banaketaren ondoren, Lennon bere bakarkako lanari ekin zion, kantu klasikoz beteta.[2] Lennon eta McCartney-ren arteko lehia laukotea banatutakoan hasi zela agerikoa da Lennonen kantuetan.
McCartney-ren aurkako norgehiagoka Imagine kantuan ere azaldu zuen, bere argazki bat jartzean, txerri bati eusten ziola. McCartney-k era berean erantzun zion bere Ram diskoko azalean, argazkian ahari bati adarretatik eusten ziola ageri baitzen.
![](https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/e/e2/Lie_In_15_--_John_rehearses_Give_Peace_A_Chance.jpg/220px-Lie_In_15_--_John_rehearses_Give_Peace_A_Chance.jpg)
Lennonen joera politikoa oso bistakoa zen Beatlesen garaian, baina asko nabarmendu zen Power to The People moduko kantuez. 1971. Imagine kantua haren ezagunena bilakatu zen: askoren ustez, ereserki bat. Urte horietan, Londresetik alde egin eta New Yorken bizitzea erabaki zuen. Estatu Batuetarako bisa tramitatzeko arazoak izan zituen: azkenean, Estatu Batuetan geratzeko baimena lortu zuen eta bertan bakearen aldeko kanpaina hasi zuen, kontzertu eta manifestaldien bidez.
1969an Yoko Onorekin ezkondu zen. Urte hartan bertan argitaratu zuten senar-emazteek Live Peace in Toronto diskoa, Britainia Handiak Vietnamgo gerran parte hartu izana salatzeko.[1]
1971an Lennonen abestirik mitikoena kaleratu zen: Imagine. Abestiaren atzean Yoko Ono omen dago, txikitan 2. Mundu Gerra jasan baitzuen Japonian. Kantak bertsio asko ditu (Madonak, Peter Gabrielek eta beste askok abestu dute) eta Amnistia Internationalen ereserkia da. Baina kritikak ere izan ditu: “imajinatzen jabetzarik ez dela existitzen” dio abestiak; hori abesten zuenak 150 milioi dolar zituen. Kanta horrek sortutako erreakzioen ondorioz, Lennon atzerrira bidaltzen saiatu zen AEBetako Gobernua.
Hurrengo diskoetan, kalitatea mantendu zuen, kantu onekin eta batzuetan Yoko Ono eta lagun batzuen laguntzaz (George Harrison, Billy Preston, Harry Nilsson, Elton John eta David Bowie). Laukotea banatu zenetik, Woman kantua bakarrik iritsi zen lehenengo postura baina, hala ere, beti izan zen The Beatleseko jeinu, jendearen iritziz.
1975ean bikoteak seme bat izan zuen, aurretik hilaurra izan ondoren: Sean Taro Ono Lennon. Ama negozioez arduratu zen eta aita, haurraz une orotan, bere karrera musikala alde batera utzita. Musika-lanera itzuli zenean, bost urte eta gero, elkarrizketa batean esan zuen gitarra paretan eskegita izan zuela, baina ez zen egia: urte horiek ez ziren alferrikakoak izan, kantuak egiten eta etxean grabatzen segitu baitzuen.
1980. urtean, Double Fantasy diska kaleratu zuen eta geroxeago, Milk and Honey izenekoa grabatu, aurrekoaren arrakasta ikusita.
1980ko abenduaren 8ko goizean, Yoko Onorekin kantu batzuk grabatzen bukatutakoan, Mark David Chapman jarraitzaile eroak errebolber batekin tirokatu eta hil zuen: Dakota eraikinaren aurrean, sinadura bat eskatu ondoren, sei bala bota zizkion eta haietako lauk jo zuten.
« | Maitasuna ilunpetan eta biolentzia egun argiz egiten dugun mundu batean bizia gara | » |
—John Lennon |
- Unfinished Music No.1: Two Virgins (Yoko Onorekin) (1968)
- Unfinished Music No.2: Life with The Lions (Yoko Onorekin) (1969)
- Wedding Album (Yoko Onorekin) (1969)
- Live Peace in Toronto (zuzenean) (1969)
- John Lennon / Plastic Ono Band (1970)
- Imagine (1971)
- Sometime in New York City (Yoko Onorekin) (1972)
- Mind Games (1973)
- Walls And Bridges (1974)
- Rock 'n' Roll (1975)
- Shaved Fish (bilduma) (1976)
- Double Fantasy (Yoko Onorekin) (1980)
- Hil ondokoak:
- The John Lennon Collection (bilduma) (1982)
- Milk And Honey (Yoko Onorekin) (1984)
- Live in New York City (zuzenean) (1986)
- Menlove Avenue (grabazio-bilduma 1973-74) (1987)
- Imagine: Music from The Motion Picture (soinu-banda) (1987)
- Lennon (4 CDko bilduma) (1990)
- Lennon Legend: The Very Best of John Lennon (bilduma) (1997)
- John Lennon Anthology (bilduma) (1998)
- Wonsaponatime (Lennon Anthologyko aukeraketa) (1998)
- Acoustic (bilduma) (2004)
- Peace, Love & Truth (bilduma) (2005)
- Working Class Hero: The Definitive Lennon (bilduma) (2005)
- ↑ a b c d e f g «Aldizkari Digitala: John Lennon» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-10).
- ↑ «podcast Audioa: John Lennon: Bakarkako Ibilbidea(I). Pasaiak. Irantzu KarreraEITBpodkast |pasaiak» EITB 2021-10-20 (Noiz kontsultatua: 2022-08-10).
- Neuk diseinatu nuen John Lennon hil zuen pistola Lutxo Egiaren Txakur Ingelesak liburuko kapitulua. «Susa literatura - Txakur ingelesak» www.susa-literatura.eus
- Nowhere boy, John Lennonen bizitza zinemara iritsi da «Albisteak - hiru» www.hiru.eus
The Beatles |
---|
John Lennon • Paul McCartney • George Harrison • Ringo Starr Diskografia: Estudiokoak: Please Please Me (1963) • With the Beatles (1963) • A Hard Day's Night (1964) • Beatles for Sale (1964) • Help! (1965) • Rubber Soul (1965) • Revolver (1966) • Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band (1967) • Magical Mystery Tour (1967) • The Beatles (1968) • Yellow Submarine (1969) • Abbey Road (1969) • Let It Be (1970) |