eu.wikipedia.org

Nafarroako Erresumako Diputazioa - Wikipedia, entziklopedia askea.

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nafarroako Diputazioa» orritik birbideratua)

Nafarroako Erresumako Diputazioa Nafarroako Erresumako erakunde bat izan zen, 1501ean sortu 1839 arte iraun zuena.[1] Erakundeak Nafarroako Gorteak ordezkatzen zituen, bilduta ez zeudenean beharrezko erabakiak hartu eta haien aginduak betearazteko. Ez zen behin betikoa bihurtu 1576 arte, oso berandu Gaztela (1525) eta Aragoi (XIV. mendea) auzoetako aldundiekin alderatuz gero[2].

Aro Modernoan zehar bere betebeharrak gehitu zituen: herri-lanak, mendien zaintza eta udal kudeaketa. Gorteen hiru estatuek haren zazpi kideak izendatzen zituzten: elizgizon bat, bi militar eta hirien lau ordezkari. Hiriek bi boto besterik ez zituzten eta Iruñeko gotzainak zuzentzen zuen erakundea.

1836an, Lehenengo Karlistaldi betean, Nafarroako probintziako aldundia eratu zen Espainia osorako egindako erreformaren arabera eta, haren buru, José Yanguas hasi zen. Gerra egoeraren erdian, Erresumako Aldundia indargabetuta gelditu zen, Erresumaren beste erakundeak bezala. Foruak Eraldatzeko Legeak (geroago, "Lege Hitzartua" ere deitu izan dena) erresumaren erakundeen amaiera berretsi zuen, eta Nafarroa probintzia bihurtu, baina administrazio- eta batez ere zerga-arloko eskumen adierazgarri batzuk gordez.

  1. Enciclopedia Ilustrada Larousse: Diputación. ISBN 84-320-7370-9
  2. Floristán Imizkotz, Alfredo. (1993). «El Reino. Cortes y Diputaciones.» Historia Ilustrada de Navarra. Iruñea: Diario de Navarra ISBN 84-604-7413-5..