eu.wikipedia.org

Ravensbrück - Wikipedia, entziklopedia askea.

  • ️Mon Jan 27 2025
Ravensbrück
KZ Ravensbrück
Kokapena
Koordenatuak53°11′24″N 13°10′08″E / 53.189875°N 13.168809°E
Map
Altitudea54 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
Irekiera1938
ZuzendariaFritz Suhren
Izenaren jatorriaRavensbrück (en) Itzuli
Ondarea
Webgune ofiziala

Ravensbrückeko kontzentrazio esparrua Fürstenberg Havel udalerriko izen bereko herrian (Brandenburgo, Alemania) kokatutako kontzentrazio esparrua izan zen, Berlinetik 90 km-ra.[1] Naziek sortu zuten 1938an emakumeak biltzeko.

Esparru honek atxikitutako hamaika azpi-eremu edo kommando zituen non emakume presoak armagintzan aritzen ziren bortxaz, besteak beste, Retzow-Rechlin, Neustadt-Glewe (Wismar), Barth, Malchow eta Neubrandenburg (Mecklenburg).[2][3]

Handik 132.000 preso pasa ziren, 40 nazionalitate desberdinetakoak, horietatik 40.000 poloniar eta 400 bat espainiar.[1] Erlijioari dagokionez, 26.000 emakume judu egon zirela uste da.[4] Kontzentrazio-esparru honetako baldintza tamalgarrien ondorioz, 50.000 emakume hil zirela estimatzen da, gainera, erraustegian beste 2.200 emakume sartu zituztela uste da.[1]

Aliatuek Alemania okupatu ahala naziek atzera egin zuten eta 1945eko apirilean kontzentrazio esparruak utzi zituzten. Sobietar armadak Ravensbrückeko presoak askatu zituen 1945eko apirilaren 30ean.[5] Ravensbrückekoa askatu zen azken esparrua izan zen.[6]

Alemanez, Ravensbrück "beleen zubia" esan nahi du.[1]

Emakumeak 16 orduko jornadak egitera behartuta zeuden, besteak beste, armagintzan.[1] Emakumeek bolbora erabilgaitz uzteko saretzen ziren, baita produktibitatea jaiseteko antolatu ere.[7] Askok Siemens AG enpresarentzat bortxazko lana egin zuten.[6][3]

1942 eta 1945 artean sulfonamiden efektibitatea neurtzeko esperimentu medikoak egin zituzten.[8] Karl Gebhardt, Alemaniako Gurutze Gorriaren presidentea eta esparruko eraizainen zuzendaria eta Carl Clauberg, ginekologo ikertzailea, hainbat esperimenturekin lotu dira.[1]Hainbat emakume esterilizatu zituztela salatu zuten.[1]

Soldaduen bortxaketa eta gero haurdun geratzen ziren emakumeen haurrak hil egiten zituzten modu ankerrean, batzuk itota, beste batzuk hormaren kontra botata. Krimena horiekin lotzen dute Dorothea Binz, esparruko gainbegiratzailea izandakoa.[1]

Etxahun Galparsoro eta Josu Chuecak 2020an Gogorarentzat egindako ikerketa lanaren arabera, bi deportazio aldi bereiztu ohi dira: lehenengoan, 1940ko abuztutik 1942ko hasierara, 1939an Frantziako armadan sartzera behartu eta ondoren gerrako preso egin zituzten euskaldunak sartzen dira; bigarrenean, 1942ko hasieratik eta 1945eko maiatzera arte, Frantziaren alemaniar okupazioaren aurka borrokatu ziren erresistenteak deportatu zituzten.[9][10]

Deportatu ziren euskal herritarren kopuruari dagokionez, 1940ko abuztuaren 6tik 1945eko maiatzaren 6ra arte, gutxienez, 253 euskal herritar deportatu zituzten Alemaniako kontzentrazio-esparruetara, horietatik 10 hamar emakumeak ziren, eta 8 Ravensbrückera deportatu zituzten.[9][11][10] Ikerketa honetan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan jaio, bizi edota Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuten deportatuen izenak bildu ziren, beraz, aurreko baldintzak betetzen ez badituzte, Iparraldekoak alde batera uzten dira.[9] Hori da, besteak beste, Suzanne Cazaux (Haltsu, 1908), Marie-Jeanne Etcheverria (Sara),[12] Marie Lasserre (Ospitalepea)[13][14][15], Marie-Louise Lasserreren (Sohüta)[14][15] eta Aimée Sahouret-en (Ospitalepea)[16] kasua, ikerketa honetan agertzen ez diren emakume euskaldunak.[17] Aimeè Larlus (ezkontzaz, Sahouret), Ravensbrückeko erraustegian erahil zutela uste da.[18]

Orokorrean, nazien kontzentrazio guneetan preso egondako emakume gutxi ezagutzen dira. Batetik, erresistentziaren alde egindako lana garaiz aitortu ez zelako eta bestetik, "nortasun faltsuak" edota ezizenak erabili zituztelako.[19] [20] Hori dela eta, hainbat emakume euskaldun egon zirela uste da, baina kasu askotan haien benetako izen-abizenak argitzeke daude.[19] Izan ere, horietako batzuk frantsesak izango balira identifikatu ziren.[19] Adibidez, Demetria Carlota Gastón Ganuza eta Jesusa Micaela del Campo Goñi desagertutzat jo ziren urteetan, ezkontzako abizenarekin erregistratu zituztelako, hau da, Demetria Dupuy (Mues, 1907) eta Jesusa Lesburguères (Eugi, 1917), hurrenez hurren.[19][20]

Simone Chrisostome (Hendaia, 1923), Carlota García (Trapagaran, 1899), Nicolasa García Chicarro (Bilbo, 1905), Maria Guesalaga Echaide (Zarautz, 1907), Marie Vivie (Biarritz, 1903), Maria Josefa Sanzberro Etxebarria (Oiartzun, 1895) eta Frantziska Romana Haltzuet Altzate (Bera, 1908) dira ezagutzen diren Ravensbrückeko emakumezko preso euskaldunetako batzuk.[17][21][20] Azken hau bertan erahil zuten eta egun, Frantxia gogoratzen duen oroigarri bat dago bertan.

Emakume gehienak kontzentrazio esparru desberdinetan egon ziren, besteak beste, Dachau, Mauthausen, Neuengamme eta Sachsenhausen-en.[17]

Mónica González Álvarez idazleak Ravensbrückera deportatu zituzten 11 emakume espainolen bizipenak kontatzen ditu Noche y niebla en los campos nazis (Espasa, 2021) liburuan, haien artean, Olvido Fanjul Camín, Elisa Garrido Gracia, Neus Català Pallejà, Braulia Cánovas Mulero, Alfonsina Bueno Vela, Elisa Ricol López,[22] Constanza Martínez Prieto, Mercedes Nuñez Targa, Conchita Grangé Beleta, Lola García Echevarrieta[7] eta Violeta Friedman.[1] Liburuaren izenburuak Nacht und Nebel esamolde alemaniarraren itzulpena da, gas kamaran amaituko zirenak adierazteko erabiltzen zutena.[1][7]

  1. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) «La increíble historia de las 11 españolas que sobrevivieron al horror de Ravensbrück, el campo de concentración de mujeres» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).
  2. (Frantsesez) «Female Affairs: Female Concentration Camp Guards in Ravensbrück and Neubrandenburg - Johannes Schwartz | Fondation Shoah» www.fondationshoah.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Forced Labour & Subcamps. Women's concentration camp Ravensbrück» universes.art (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  4. The Jewish Women of Ravensbrück Concentration Camp.
  5. (Gaztelaniaz) «70 años de la liberación de Ravensbrück y Sachsenhausen – DW – 19/04/2015» dw.com (Noiz kontsultatua: 2025-02-08).
  6. a b (Gaztelaniaz) «El campo de concentración nazi del que no se habla» BBC News Mundo 2015-01-24 (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  7. a b c (Gaztelaniaz) Plaza, Sara. (2021-11-03). «Redes de cuidados en los campos de concentración nazis» Pikara Magazine (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).
  8. Helm, Sarah (2015). If This Is A Woman: Inside Ravensbruck: Hitler's Concentration Camp for Women. London: Little, Brown. ISBN 978-1-4087-0107-
  9. a b c Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945). Gogora Institutua.
  10. a b «GOGORA institutuak eskatutako txosten baten arabera, gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten nazien kontzentrazio-esparruetara» www.gogora.euskadi.eus 2020-05-04 (Noiz kontsultatua: 2025-01-18).
  11. DV. (2020-05-04). «Gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten nazien kontzentrazio esparruetara» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-01-18).
  12. (Frantsesez) Larre, Ximun. (2021-08-14). «Maria Josefa Sansberro et Marie-Jeanne Echeverria, de Sare à Ravensbrück» www.mediabask.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-26).
  13. «Tonba gainean loreak» Berria 2020-08-02 (Noiz kontsultatua: 2025-01-26).
  14. a b «“Ospitalepeko eta Sohütako makiaren kideak heroi izendatu behar ziren”» Argia (Noiz kontsultatua: 2025-01-26).
  15. a b «Nazien sarekada Ospitalepean» Berria 2021-12-21 (Noiz kontsultatua: 2025-01-26).
  16. «Dossier individuel de personnel de SAHOURET, AIMÉE / LARLUS | Service historique de la Défense» www.servicehistorique.sga.defense.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2025-01-26).
  17. a b c García Santamaría, Ana. (2023). «Mujeres resilientes: Demetria Carlota Gastón Ganuza, Jesusa Micaela del Campo Goñi, Suzanne Cazaux» Antzina: revista de genealogía vasca e historia local (35): 8–17. ISSN 1887-0554. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
  18. ««Makiaren kide izan ninduzun Ospitalepean, presoner Ravensbrücken»» Berria 2020-08-02 (Noiz kontsultatua: 2025-01-26).
  19. a b c d García Santamaría, Ana. (2022). «Demetria Carlota Gastón Ganuza, Demetria Dupuy, una navarra en el infierno de Ravensbrück» Antzina: revista de genealogía vasca e historia local (34): 76–80. ISSN 1887-0554. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
  20. a b c (Gaztelaniaz) Blanca Calvo Alonso: “Las deportadas españolas no tenían una tierra a la que volver, habían ganado la guerra al fascismo pero Franco seguía gobernando en España y tuvieron que empezar de cero” | NR | Periodismo alternativo. 2024-06-22 (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
  21. García Santamaría, Ana. (2021). «Personaje: Jesusa Micaela del Campo Goñi. Una navarra en el infierno nazi» Antzina: revista de genealogía vasca e historia local (31): 53–63. ISSN 1887-0554. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
  22. (Gaztelaniaz) «Elisa Ricol López» AraInfo · Diario Libre d'Aragón 2021-09-11 (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).