Sifilisagaixotasun infekziosoa da, zehazki benereoa, sexu harremanen bidez kutsatzen dena alegia. Frantseseria izena ere hartu du historian[1]. Garai zaharretan oso zabaldua izan zen eta horren aztarnak literaturan ugari geratu dira. Gaur egun, herrialde garatuetan intzidentzia txikia dauka (39 kasu 2005an Euskal Autonomia Erkidegoan).
Amerikatik XVI. mendean Espainiako konkistatzaileek Europara ekarritako gaitza zela uste izan da duela gutxi arte. Hipotesi hori eztabaidan dago egun, Erresuma Batuan XIV. mendekohezurduretan gaitz horren arrasto garbiak aurkitu direlako. [2]
Sexu harremanen bidez transmititzen da gaitza. Bakterio eragilea oso sentikorra da, berehala hiltzen da gizakiaren gorputzetik kanpo; hori dela eta, kontaktu zuzenaren bidez besterik ezin da kutsatu sifilia.
Bigarren transmisio-bidea sortzetikoa da: kutsatutako ama batengandik bere umekiarengana, alegia.
Kasu gutxi batzuetan musu ematean ere kutsa daiteke, ahoan txankro sifilitikoak baldin badaude.
Sifiliaren bilakaeran hiru fase sintomatiko bereizten dira:
Primarioa, zakilean
Sifili primarioa da. Inkubazioa batez beste 21 egun ingurukoa da. Agertzen den lehenengo zauria txankroa da, ultzera modukoa, zakil, alu edo ondestean. Txankro barnean milioka bakterio patogeno daude.
Sekundarioa, ezpainetan
Sifili sekundarioa da. Handik bi hilabetera, gutxi gorabehera, hurrengo zauria agertzen da: enborrean eta gorputz-adarretan lesio gorriak ikusten dira. Ezaugarria berezia dauka batzuetan: esku ahurretan eta oinzoletan. Condylomata lata hartzen dute izena lesio horiek. Sukarra, pisu galera eta gongoil handituak ere nabari daitezke.
Sifili sekundarioa bakterio eragileak txankrotik odolera pasatzen direnean agertzen da, benetako septizemia eraginez.
Sifili tertziarioa da. Azalean edo hezurretan gumma izeneko lesioak agertzen dira. Fase hori tratatu gabeko sifilitikoen laurdenak besterik ez du garatzen. Sifili tertziarioa oso berantiarra izan daiteke, askotan hamar urte baino gehiago pasatzen baitira fase hori agertu arte. Gaixoak sendatuta dagoela uste badu ere, gaitza sor egoeran dago, bakterioek gongoil linfatikoetan bizirik irauten baitute. Fase horretan ere konplikazioak gerta daitezke bihotzean edo nerbio-sisteman: kasu larrienetan, gaixoak hil izan dira. Nerbio sisteman sortutako kalteak oso ohikoak dira, burmuinari eraginez (dementzia zen sifiliaren ondorio ohikoren bat antibitikoak agertu aurretik)
Gaur egun sifilia antibiotikoz senda daiteke, baina bakarrik lehen eta bigarren faseetan. Penizilina erabil daiteke hirugarren fasean ere, baina penizilina g-sodikoa izan behar da, eta zain barneko injekzioarekin bakarrik, antibiotikoa hobeto hedatzeko. Penizilinaren dosiak alda daitezke, gaixotasunaren egoeraren arabera. Lehen mailako infekzioetan, dosi bakar bat eman daiteke, baina txarrera joaten bada, dosi bat baino gehiago eman behar dira.
Tuskegee sifilis esperimentuakTuskegeen (Alabama, AEB), 1932an, sifilisaren aurkako tratamenduak oso arriskutsuak, toxikoak eta eraginkortasun txikikoak ziren garaian, AEBetako Osasun Publikoko Zerbitzuak (PHS) esperimentu bat jarri zuen abian, John Charles Cutler medikuaren aginpean, 600 subjekturengan gaixotasun benereoaren eboluzioa aztertzeko. 600 parte-hartzaileak beltzak ziren, pobreak eta ia denak analfabetoak.[6][7] Medikuek sifilisari buruz gehiago jakiteko aukera izan zuten, eta gaixoei doako tratamendua, klinikara joateko doako garraioa, otorduak eta, hilez gero, ehorzketa-asegurua ziurtatu behar zizkieten. Baina gizon haiei ez zieten diagnostikoa garbi adierazi: “odol txarra” zutela esan zieten, sifilisa, anemia, neke kronikoa eta beste gaixotasun batzuk izendatzeko erabiltzen zen termino lausoa.[8] Ezta ikerlanaren benetako helburua ere: tratamendurik gabe sifilisaren progresio naturala zein zen eta heriotzeraino iristen zen behatzea.[9][10]
Esperimentuak 40 urtez iraun zuen, 1932 eta 1972 artean.[11] Zenbaki ofizialen arabera, 399 parte-hartzaileetatik 28 sifilisak berak jota hil ziren, eta beste 100 hari lotutako konplikazioekin. Soilik 74 geratzen ziren bizirik. Gainera, 40 gaixoren emazteak ere kutsatu ziren eta 19 haur gaitzarekin jaio.[9][12]
Guatemalako sifilis esperimentuak
Tuskegeekoa gertatu zenaren antzera, Estatu Batuetako gobernuak zenbait gaixotasunen (sifilisa, gonorrea eta txankro biguna) baimenik gabeko ikerketa aurerra eraman zuen Guatemalako komunitate txiroenetan (langile sexual, umezurtz, soldadu, gaixo mental eta espetxeratuak). Esperimentuak AEBko Harry S. Truman presidentearen, Juan José Arévalo presidente guatemaltarraren eta Guatemalako osasun ofizialen ezagupean egin ziren eta John Charles Cutler medikuaren aginpean (Tuskegeeko sifilis esperimentuen zuzendaria). Haien ondorioz, 83 pertsona hil ziren.[13][14][15][13]